Haur festa larunbat honetan

MARTXOAK 28, LARUNBATA
HAUR FESTA URNIETAN
ORDUTEGIAK
11:00-13:00 Puzgarriak.
16:30 Festaren hasiera.
17:15 Beroketa ariketak.
17:30 Urnietako I. Mendi lasterketa txikia. Ondoren, zozketa eta txokolatada.
19:00 Festa amaiera.
*5 euroko sarrerarekin, ekitaldi guztietan parte hartzeko aukera dago.



Urnietako mendi lasterketak hasieratik izaera solidarioa izan du, eta aurtengoan ere ildo berari eutsiko dio. Antolatzaileek indar guztiak lasterketa onena antolatzeko bilduko dituzte. Eta lan horrek bere etekina eman behar du, etekina hitzak duen zentzurik zabalenean. Batetik lor daitekeen ekarpen ekonomikoa, haurren gaixotasunak saihesten laguntzeko bideratuko dena. Eta, bestetik, kontzientziazioarekin loturik dagoena. Errealitate gordin hori lau haizeetara zabaldu nahi dute, herritarrek haur horiek eta haur horien familiak laguntzeko kontzientzia har dezaten. Aurten, kontzientziazio lan horretan, urrats bat eman dute aurrera eta larunbat honetarako haur festa antolatu dute herrigunean.

GOIZEAN PUZGARRIAK;
IRRIEN LAGUNAK DATOZ URNIETARA
Goizean hasita, Irrien Lagunak ekimeneko puzgarriak ipiniko dituzte. Hasiera batean San Juan plazan, eta eguraldi txarra eginez gero, plazatik gertu dagoen Udal pilotalekuan.
Arratsaldean festa ederra antolatuko dute, Porrotx pailazoaren agerraldiarekin. Baina ez da hori pizgarri bakarra izango, lehen aldiz haurrei zuzenduriko lasterketa txikia antolatuko baitute. Antolatzaileek lan handia hartzen ari dira lasterketa txikia prestatzen, plazan zehar hiru menditxo irudikatzen dituzten maldatxo artifizialak eraikitzen baitabiltza.

bost euroko pultserarekin
haur festaz gozatzeko aukera ederra
5 euroko pultsera erosita, goizeko eta arratsaldeko ekitaldi guztiez gozatzeko aukera izango da. Super H taldeak iragarri duenez, lortutako dirua gaixotasun arraro eta onkologikoen ikerkuntzarako baliatuko dute. Pultsera erosteko aukera badago Kantoi tabernan eta Eder dendan. Eta, noski, egun berean, haur festa ospatuko den toki berean. Hasiera batean, San Juan plazan. Baina, euriarekin, Udal pilotalekuan. Super H taldekoek deialdi argia egin diete urnietarrei, “anima zaitezte eta parte har ezazue elkartasunezko festa honetan. Izugarri eskertuko dizuegu eta!”.
PORROTX PAILAZOA URNIETARA DATOR
Astelehenean lasterketaren aurkezpen ekitaldia egin zuten, eta bertara Porrotx pailazoa hurbildu zen. Aurkezpen ekitaldia umorez betetzeaz gain, Super H taldekoei elkartasuna eta gertutasuna adierazi nahi izan zien. Larunbat arratsaldeko ekitaldien animatzailea Porrotx bera izango baita, haurren artean gehien maitatzen duten pailazoa. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak aski ezagunak dira, eta euren ibilbide guztian zehar elkartasunerako joera handia erakutsi dute. Joera horren isla da larunbat honetan Porrotxek Urnietan izango duen parte hartzea. Eguraldi txarra egingo duela? Porrotxek erantzun azkarra bota zuen: “Amonak esaten du ez dagoela eguraldi txarrik, arropa aproposa baizik”. Lasterketa txikia plazan egin nahi dute, eta beroketa ariketak egiteko Porrotx bera izango da prestatzailea. Irrien lagun fina.