Jokin Lizeaga txapeldun handia ez da irtengo, horra bere adierazpenak

Ospea hartu duen mendi lasterketaz gain, Urnietak badu kirol jarduera horretan txapeldun handia: Jokin Lizeaga. Mundu mailako elitean dago, eta iaz denboraldi borobila burutu zuen. Urnietako proban, esaterako, marka onena ezarri zuen (1:49:18) bera bezala onenen pare ibiltzen den Aritz Egea urretxuarrari minutu bateko aldea ateraz. Aurten, zoritxarrez, ez da protagonista nagusia izango. Bide bazterretik jarraituko du lasterketa, gainerako zaletuek bezala, korrikalariei animoak emanez. Aiurri astekaria Urnietako txapeldunarekin harremanetan jarri da, bere erabakiaren berri jasotzeko. Eguberrietan ama galdu zuen, eta galera horrek korrika aritzeko motibazioa kendu dio. Kolpe latza jasota, lehentasuna familia dela erabaki du. Jokin Lizeagak ez du, beraz, merezimendu osoz dagokion 1 dortsala jantziko: “hilabete hauetan nire helburuak korrika ibiltzetik urrun daude eta aurten herrian bertan Euskal Herriko txapelketa jokatzen denean, kale egingo dut. Arrazoi nagusia, amaren gaixotasuna eta heriotzaren ondoren, motibazio falta da. Kosta egiten ari zait korrika hastea. Maila ona lortzea ez dago nire lehentasunen artean. Aita, familia... horiek dira orain nire lehentasunak”.
Kirola egiteari utzi dio, une hauetan lehiarako grinik ez duela aitortuz. Berandu baino lehen, ordea, itzuliko da, “badakit noizbait lehiara itzuliko naizela, udaberrian loreak irteten diren bezala, neuk ere nire loraldia izango dut. Baina oraingoz, urteko lehen hilabete hauetan ez naiz lasterketetan burubelarri arituko”.
Ikusle modura jarraituko du aurtengo lasterketa: “Gogoko dut bide bazterrean egotea. Hainbat korrikalariren prestatzailea naiz, lagunak eta selekziokideak direnak ere bai. Guztiei animoak emanez, ikusle soila izango naiz”. Lasterketako antolatzaileen lana goraipatzeaz gain, lasterketan parte hartuko duten urnietarrak gogoan ditu Lizeagak: “Goraipatzekoa da antolatzaileen lana. Zaila baita horrelako lasterketa antolatzea. Urnietako parte hartzaileen gorakada azpimarratu beharra dago. Berrogei inguru irtengo dira lasterketa luzean, eta hori, bizpahiru urte atzera, pentsaezina zen. Horietako asko Zanpatuz mendi elkarteko federatuak dira. Poztekoa da, mendiaz gozatzeko modu berri honetara geroz eta jende gehiago hurbiltzen delako”. Erreferentzia ona dute urnietar horiek guztiek: Jokin Lizeaga bera. Animoak Jokini! Zegaman ikus genezake, korrika. Ea egia den.