Urnietako IV. mendi lasterketa, igande honetan

Igande goizean bostehundik gora korrikalarik parte hartuko dute Urnietako mendi lasterketaren laugarren edizioan, zeinak dagoeneko euskal herriko lasterketen egutegian toki garrantzitsua hartu duen.

Ordu aldaketak korrikalarien artean ezustekorik sortzen ez badu behintzat, igande honetan Xoxokatik Adarra aldera abiatuko dira 518 korrikalari Urnietako mendi lasterketaren laugarren edizioa osatu asmoz. Gora-behera ugari topatuko dituzte ibilbidean, ia ziur eguraldi kaskarrarekin. Helmugara iriste hutsa garaipena izango da korrikalari askorentzat. Elite mailakoentzat, berriz, erronka handi bati ekitea.
Izan ere, edizio honetan mendi lasterketako irabazlea era berean Euskal Herriko txapeldun bilakatuko da. Euskal Herriko Mendiko Federazioak aurtengoan Urnietakoa aukeratu baitu txapelketa erabakitzeko. Horrek bereziki kirol taldeen interesa piztu du, eta Euskal Herri osoko partaide ugari lehiatuko da banakako eta taldekako sailkapenetan. Kadete mailakoek ibilbide motzean erabakiko dute irabazlea.
Aurtengoan Jokin Lizeaga txapeldun handiak ez du parte hartuko. Animoz ez dago unerik gozoenean –Eguberrietan ama galdu zuen gaixotasun baten ondorioz–, eta oraingoz, goi mailako kirola alde batera utzita dauka. Korrikalariek, aurten, Urnietako txapeldun handia ikusleen artean ikusiko dute. Lehiari gero arte modukoa esan diola adierazi dio Aiurriri, beraz, hurrengo hilabeteetan korrika ikusteko itxaropenik ez da galdu behar. Mendiko lasterketetan Lizeaga munduko elitean dago, onentsuen artean. Iaz lehia estua izan zuen Aritz Egearekin. Lasterketa taktikoan, urnietarrak garaipen handia lortu zuen. Marka onena ezarriz, gainera. Iazko txapelduna jokoz kanpo izanik, aurtengo faborito nagusia Egea bera izango da gizonezkoetan. Eta emakumezkoetan, aldiz, iazko irabazlea eta marka onena ezarri zuena, Maite Maiora. Zorte on denei!

Urnietako IV. Mendi Lasterketaren aurkezpen ekitaldia astelehen arratsaldean egin zuten Udaletxean. Antolatzaileekin batera agerraldian parte hartu zuten Udal ordezkariek, Mendi federazioko kideek, Super H taldeko kideek eta baita larunbatean haur festan protagonista nagusi bilakatuko den Porrotx pailazoak ere. Euskal Mendizale Federazioko partaide eta lasterketaren antolatzaile den Iñigo Saenzek probaren antolatzaileak nabarmendu nahi izan zituen: “Urnietako lasterketa gogorra da, baina aldi berean ederra da. Oso ondo antolatuta dago. Lasterkari kopuruari dagokionez, eta baita urtero laguntzera gerturatzen diren boluntario kopuruari dagokionez ere, izugarria da”. Federazioko ordezkariak azaldu zuenez, Urnietako proba apirilaren 26an ospatuko den Espainiako mendi txapelketarako baliagarria izango da. Izan ere, “Urnietako mendi lasterketatik aterako da estatu mailako proba horretarako ordezkaritza”.

ADI ORDUTEGI ALDAKETARI
Ikusleei, laguntzaileei eta korrikalariei ordu aldaketaz ohartarazi nahi diete antolatzaileek. Izan ere, larunbatetik igandera doan gau horretan ordua aldatuko da. Goizaldeko ordubiak jotzen dutenean, hirurak jarri beharko dira ordulari guztientzat. Adi, beraz. Ordu aldaketak ez dezala eragozpenik sortu.

DORTSALAK ESKURATZEKO BI AUKERA
Lasterkariek bi aukera izango dituzte asteburu honetan. Larunbat arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara Udaletxean, eta igandean Xoxokako irteeran goizeko 08:00etatik 09:00etara.

IRTEERAN BI ORDUTEGI EZBERDIN
09.30 Ibilbide luzea.
09.35 Ibilbide motza.