Andoni Urbistondo, 195. dortsala: “H”


Hostia! (Lokatz festa). A ze Hostik! (hamabi edo hamahiru). Hezur-mina (kristona). Herioa (Latza). Haserrea (Apala). Hezetasuna (Handia). Hanka pelotak (hazita). Hanturak (ikusezinak). Harresia diruditen maldak (Adarramendi, Zaburu eta Onddo). Hatzamarkadak (osin eta sasi). Hausnartu (Etenetako txakalaldia). Hautsi (kuloteak). Hauspoa (jende askorena). Harrotasuna (neurrikoa). Herria (Urnieta). Herrigintza (urnietarrak). Histiozitoa (zelula gaiztoa). Super H (aupa zuek!)
H hizkia erabili dut aurten Urnietako Mendi Lasterketako 4. Ekitaldia laburbiltzeko. Larunbatez UML txikia antolatu zelako San Juan Plazan, Super H elkarteak antolatuta. Haurren minbizia ikertzen laguntzeko asmo xumea duen elkartea. Jendetza. 200 ume eta haur korrika, tailerretan parte hartzen. Itxura bikaina zeukan plazak. H erraldoi bat. Eta lokatz arrastorik gabe!

Eta igandean… LOKATZA! Hizki larrietan. Egin beharreko guztia eginda, urte hasieratik, lasterketa bukatzeko erronkari begira. Elikadura zaindu, gin tonic dosia murriztu, astero saio bat errepidean, pare bat mendian… Bukatu! Bestelako helbururik ez! Iaz 7. kilometroan eman nuen amore eta adar jotze franko jasan izan behar nuen. Aurten ibilbide ia osoa egin nuen aurrez. Baikor izateko moduan. Bakarrik egin nuen proba, Gaizka lehengusuaren akuilurik gabe. 24.40 Pozontarriko atakan, ipurtaldea marroi eta Irune, Uxue eta Amaiak mantso nindoala leporatuz. 43.25 Onddi gailurrean, Ainhoa Jauregi ibilbide motzeko txapeldunaren erritmo bizia begi bistarekin jarraituz.

Zain nituen Juanjo eta Eñaut Muniskon, aquarius potoa eta gel batekin. Eta han azaldu ziren Elena Santervas eta laguna, egur batean. Elena adar jotzen. “Esan nizun txikia korritzeko!” Arleorren gora ez zuen hainbeste hitz egiten… Nerea Albizu eta Amaia Santin, eta bere umeak sumatu nituen, baita Aierdiko jendea ere. Eta errekan gora bakardadea. Patxi Irastorza eta Joxerramon Jauregi animatzen. Horiena bai kasta! Eta Maite Begiristain Adarran gora. Ni atzetik. Gero eta urrunago, baina atzetik.
Gailurretik gertu Urkainberriko bullosoak zeuden. Semea aurrena eta aita gero. Joseba koadrila kidea ere bai. Jana, edaria eta animo hitzak. Adarramendi 1.53. Ondo, entrenamenduetako denbora. Etenetan sagardoa eskaini zidaten Imanol Loco-k, Mandayok eta Josema Mateok. Kabroi hutsak hirurak! Eta gero… amesgaiztoa. Zaburu arteko hiru kilometroak. Bukaezinak. Inor ez. Oinazeak hanketan, ezina buruan. Baina segi. Libratu tarte hori. Nola edo hala. Zaburun gora ekin, lasai. 2.24. Eta jaitsieran… Alanbre-hesiari heldu, itsatsi eta segi. Infernua.

Onddo. 2.51. Sei minutuko defizita. 1.09 helmugara iristeko. Ander Loiarte eskoba hiru minutura dator. Lasaitasuna. Ur depositoan behera zorua espero baino hobeto. Osinetatik joan behar, lokatza saihesteko. Erreka, Mainguaneko kamionerua eta Joseba Korta, artzaia. Zerbait eskaini dit, ez diot ulertu arkumea edo coca-cola esan duen! Montefriotik Zakarias-Enea bordara. Jaitsiera gaiztoa ez, gaiztoa baino gehiago. Ipurdia jarri eta segi. Culo-patin! Eskuak lokatzez beteta. Besabin eskuak garbitu ditut Juelok eta Enekok emandako urarekin. Eskerrak Torrente eta Andrearen animoei.
Ez naiz lau orduko mugan iritsiko. Atxetilungo bideak hiri handietako hoditeriaren tankera du, mendi bidea baino. Ezin korrika joan, eta oinez. Azken jaitsiera. Xoxokako aterpea. 4.10 ikusten dut kronometroan. Miel Ttikiyak lagundu dit azken metroak egiten. Jokin Lizeaga, Farrus eta Martiren zorionak. Zisko eginda nago. Super Hko boluntarioak agurtu ditut. Jokin Goikoetxeari autoa zikindu diot. Eta Mizpiradira joan gara. Aupa Zanpatuz mendi taldea! Akabo restrikzioak. “Hostia, attona, lortu dek!”, esan dit Cipo-k, ziur aski azken urtean gehien xaxatu nauen lagunak.
Esaera ezaguna da gure inguruan. ‘Astea egin diagu’, ‘astia iñ diu’ Urnietako gipuzkera jatorrean. Nik astea, urtea eta bizitza ere bai, igual. Super Hko kideei laguntza emango diet aurrerantzean ere. Berriro Urnietako Mendi Lasterketako parte izango ote naizen…